Zuhaitz apaingarriak (I)

1. Hausnarketa

1.1.ZUHAITZ A GURE PAISAIAN

Gizaldiz gizaldi nekazari, ikazkin, artzain, basozain… ingurune naturalarekin izan duten hartu emanaren ondorioz dugu gaur egungo gure paisaia landatarra.  Paisaia honetan zuhaitzak bere lekua du eta baita izateko arrazoi bat. Baso naturaletik at geraturiko banakoek, lursailen arteko mugak bereizten zituzten, leku bateko erreferentzi gisa erabili izan dira, eskaietan haizeteetatik babesteko, lehorte garaietan aziendaren bazka gisa erabili izan dira…

Hainbat arrazoi medio zuhaitzak landare erreinu barruko ale adierazgarrienak ditugu guretzat modu inkosziente batean batzuetan eta konszientean besteetan.

1.2.ZUHAITZA BERRAURKITU

Gaur egun gure landa eremuetan pilaturiko jakintza oroitu beharrean gara eta ezagutza zein erabilera berriekin hauen presentzia indartzen jarraitu behar dugu. Etxe baten ondoan egoki landaturiko zuhaitza sistema biologiko apartak dira hainbat arrazoigatik:

  • Batetik udaran etxaurrea itzala emanez babesten du eta neguan argia pasatzen uzten du.
  • Bestetik ingurunean sortzen duen hezetasuna medio giroa freskatzen du.
  • Eraikin zatarrak tapatzen laguntzen dute eta gainerakoak inguruko paisaian txertatzen.
  •  Energia aurrezten laguntzen dute hosto iraunkorrekoak iparrean jarriz eta erorkorrekoak hegoan.
  • Zuhaitz autoktonoak badira baldintza egokietan ingurune horretara egoki moldatuko dira.
  • Zuhaitz bereiziak egoki erabiliz bertakoekin ongi ezkontzeaz gain ingurunean hainbat matiz eskeiniko dituzte

1.3.ZUHAITZ BEREIZI EDO APAINGARRIAK

Zuhaitz bereizi edo apaingarriak zuhaitzen bertute guztiak izateaz gain euren edertasunagatik erabili ohi dira lorezaintzan. Edertasun nabarmenena euren lore, hosto, egur-azal edo itxura orokorraren berezitasuna izan ohi da baina edertasuna gauza subjetiboa izanik ezin muga liteke zerrenda jakin batera.

2. Zuhaitzen interesa

2.1.HAUTAKETA

Zuhaitz baten hautaketa gure lorategi edo landa eremuan landatu aurretik beste edozein landare baino hobeto hautatu behar dugu izan ere gainerako landareak baino handiagoak, adintsuagoak, garestiagoak eta urteekin lekualdatzeko zailagoak baitira. Hau denagatik oso interesgarria suertatu ohi  da paper batean gutxi gora beherako neurriekin landaketa honek heldutasunean izango duen eragina aztertzea, hots, diseinu bat burutzea. Ondorioz hautatzerakoan gur iritziz kontuan izan beharreko arloak hauek lirateke:

  • Gure lur-saileko klima, lur eta lorategiaren estetikara egoki uztartzea.
  • Zuhaitzak heldutasunean duen altuera eta zabalera kontuan izatea, batzuk metro gutxi izan dezakete ( Acer platanoides “Globosum”) eta besteek berriz 90m-tara erraz irits daitezke.
  • Ale bakoitzak izan ohi duen hazkunde tasa zein den jakitea, 2.5zm baino gutxiago konifero ipotxen kasuan edo 1m baino gehiagokoak makalen (Populus alba) kasuan.
  • Inoiz ez kontuan eduki zuhaitzak mintegian duen altuera hauek landare gazteak izan ohi dira eta.

2.2.TANKERA ETA FORMA

Aurreko irizpideak oinarrizkoak badira ere zuhaitzek duten forma eta itxurak ere berebiziko garrantzia dute izan ere gure ingurunearen estilo eta espiritua azpimarratzen lagunduko baitigute. Adibidez badira gerezi ondo japoniar ugari (Prunus serrulata)eta gehienak zuhaitz txiki eta xarmangarriak dira euren forma borobildu eta udaberriko loraldi oparoei eskerrak. Beste aldean izango genituzke hainbat eta hainbat zedro (Cedrus deodora) hauek heldutasunean itxura monumentala eta dotorea eskaini ohi baitute.

Honela gure eremuaren ezaugarrien arabera zuhaitzen hautaketak oso ezberdinak izan daitezke. Esaterako lorategi moderno eta berri baterako Rhus typhina bezalako landare arrotzak forma arkitektoniko eta udazken sutsu zein deigarria eskainiko digu. Landa eremuko lorategi baterako gorosti zein hurritz ezberdinek forma paregabeak eskainiko dizkigute inguruneko landarediari gorazarre egiteaz gain. Estilo japoniarreko lorategi bat diseinatzean astigar japoniarrek edo sahats negartiek izaera hau azpimarratzen duten formak eskainiko dizkigute.

Kontura gaitezen zuhaitz apaingarri askoren berezitasuna heldutasunean duten egitura edo forma ezberdinak direla eta baita bertako zuhaitz askok forma bereziko barietateak dituztela, esaterako:

  • Forma hedatua dute Haritz kandugabeak (Quercus petraea).
  • Piramide forma berriz Xarma luzangak (Carpinus betulus `Fastigiata´).
  • Forma konikoa gorostiek (Ilex aquifolium).
  • Forma negartia dute sahats engartiek (Salix babylonica).
  • Forma irregularra Gingkoak (Gingko biloba).
  • Badira zutabe forma oso bereziko astigarrak (Acer rubrum `Columnare´).

2.3.ZUHAITZ ERABILERA BEREIZI 

Zuhaitzak apaingarriak izanagatik erabilera oso ezberdinak izan ditzakete baldin eta espazio bat antolatzerakoan zein helburu darabilgun. Orokorrean 3 erabilera ezberdin bereizi ditzakegu:

  • Markoztatzeko zuhaitzak: Hauen helburua eraikin edo ikusmira bat enmarkatu eta berau goratzea da. Honetarako normalean zuhaitz berezia aukeratu arren gainerako paisaiagandik asko bereizten ez direnak hautatzen dira.
  •  Zuhaitz lerrokatuak: hauen helburua ikusmira zuzendu, airetik babestu edo ibilbide bati erritmoa ematea izan ohi da.
  • Zuhaitz izarrak: espazio baten erdigunean benetako eskultura biziak sortzeko gai diren aleak dira. Euren forma bereizi edo edertasuna medio ingurune bateko protagonismoa merezi dutenak dira.
  • Zuhaitz taldekatuak: Orokorrean hedadura handiko landare masak sortzeko erabili ohi dira eta askotan hosto iraunkorreko zuhaitzak erorkorrekin nahasten dira lehenek egitura iraunkor bat eskaintzen diotelako taldeari eta bigarrenek aldakortasuna.
 

Compartir esta noticia