TOPIARIA

Topiaria praktika zuhaizkak eta zuhaitzak osatzeko erabiltzen den inausketa jarraitua da, forma geometrikoak edo ez naturalak sortuz. Bere erabilera japoniako lorategi inperialen sasoitik ezagutzen da, duela 2000 urte baino gehiago, baina etimologikoki “topiarius” hitzetik dator: Erromako esklaboek lorategiak zaintzen zituzten eta horri esker, gizartearen ospea lortzen zuten.

Gerora, mendebaldean, ezagutza hau monastegietan eta abade-etxeetan gorde izan zen italiako Errenazimentuan arte plastikoak berragertu ziren arte.

Topiaria Italiako Errenazimentuan arkitektura, hirigintza eta lorezaintzako tratatuekin batera sortu zen eta arkitektura eta hirigintzaren pareko estatusa zuen (lehendabizikoa De Re Aedifiatoria, Alberti 1440). Tratatu hauetan, besteak beste, leku jakinetan lorategiek izan behar zituzten landare-formak (topiaria bidezkoak) edota erabili beharreko espezieak aipatzen ziren (normalean ereinotza, ezpela, hagina, altzifrea edo gorostia).

Frantziako lorategi klasikoa italiatik dator: italiar artistek beraien errenazimentuko-ideiak finkatu zituzten Frantzian, eta hauen eraginez, lorategi frantsesa sortu zen. Lorategi hauen adibide gisa Villandry (lehen etapakoa) eta Vaux Le Vicomte (André Le Nôtreren frantses estiloaren paradigma) aipatu daitezke. Bi lorategi hauek gaur egun ere bisitatu daitezke eta oso ikusgarriak dira (hurrengo artikuluetan aipatuko ditugu). Mota honetako lorategietan topiaria funtsezkoa da perspektiba eta geometria handiak sortzeko balio baitu lorategi jabearen nagusitasun eta ahalmena erakusten duelarik.

Garai honetan, sistematikoki, lorezaintzari buruzko tratatuak eta gidaliburuak argitaratu ziren. Horrek adierazten digu garai horretan Frantzian lorezaintzak izan zuen goraldia. Espainian estilo horretako honako lorategiak ditugu: Aranjuez, Retiro eta Palacio de la Granja.

Egungo lorezaintzan topiariaren arteak garrantzi handia du basa-itxura duten landaketetan forma geometrikoak txertatuz eta kontraste ikusgarriak lortuz Topiariarekin sortutako hesiek bideak, ikuspuntuak eta espazioak azpimarratzea edo nabarmentzea ahalbidetzen dute; gainera, forma fantasiatsuak sortzeko aukera ematen digute.

Ezin genezake topiariaren gaia amaitu Eyrignac eta Marqueyssak lorategiak aipatu gabe (biak Périgorden, Dordognen).

Compartir esta noticia